Debabarreneko industria eredua berpiztearen aldeko adierzpena sinatu dute BPTD Enpresa Elkarteak eta Debabarreneko alkateek

Gaur, osteguna, industria jarduera eta enplegua indartzea helburu duen Debabarreneko idustria eredua berpiztearen aldeko adierazpena sinatu dute DEBEGESAn BPTD Enpresa Elkarteak eta Debabarreneko alkateek.

“Debabarreneko alkateek sarritan adierazi dugu bokazio ukaezina duela eskualdearen industrializazioa indartzearen alde, jasangarritasunetik eta klimarekiko errespetatuz, eta bide horretan estrategia zehatzak eta udalerrien arteko lankidetza bultzatu ditugu” adierazi du Iker Aldazabalek, Soraluzeko alkateak.

Testuinguru honetan, Debabarreneko alkateak kide diren, Debegesako Administrazio Kontseiluak Debabarreneko industria eredua berpiztearen alde egin dute, enpresa sare lehiakor eta iraunkorra sustatzeko helburuz, eta garapen industriala bultzatzea lehenetsiz.

Bestalde, BPTD Enpresa Elkarteko presidente den Eduardo Zubiaurrek, argi utzi du distrituak industria bokazio argia duela betidanik, eta “horren aldeko apustua egiten jarraitu behar dugu. Orain inoiz baino gehiago etorkizuneko industria sustatuko dugu,  jasangarria eta klimarekiko errespetuzkoa. Etorkizuneko giltzarriak integratzen dituen industria, digitalizazioaren aldekoa, jasangarria eta kolaborazailea”.

Bertan izan dira baita ere BPTD Enpresa Elkarteko hainbat ordezkari, besteak beste, Xabier Alzaga Danobat Groupeko Zuzendari Nagusia, Borja Emparan, Engranajes Uretako Zuzendari Nagusia, Cristina Zumeta, Debegesako Enpresa eta Berrikuntza saileko arduraduna eta Carlos Abad, Urkotronik enpresako gerentea. Bestalde, Debabarreneko eskualdeko alkateak ere egon dira bertan, hala nola, Miguel de los Toyos, Eibarko alkatea, Juan Carlos Abascal, Ermuko alkatea eta Igor Agirre, Mallabiako alkatea.

Eduardo sinatzen

Adierazpen hau lau helburu lortzeko asmoz sinatu da:

  • BPTD Enpresa Elkartearen lankidetza jarduerak babestea, eskualdearen eta industriaren alde.
  • Eskualdearen industrializazio jasangarria indartzeko eta hobetzeko bokazioa areagotzea, klimaren aldeko errespetuz.
  • Ahalegin publiko-pribatu horretan udalez gaindiko administrazioen parte hartzea eskatzea, lurralde-oreka hobetu eta Debabarrenaren ahalegin eta bokazio industriala gehiago aitortzeko.
  • Inguruko eskualdeekin elkar hartzea lurralde oreka ahalbidetuko duen estrategia bat ahalbidetzeko.

Argi utzi dute bertaratu diren agente guztiek industriaren aldeko lankidetza jarduerak babesteko momentu egokia dela, egun bizi dugun osasun krisi egoerak ekar ditzakeen ondorioei aurre egiteko elkarlana sustatu behar dela industria bultzatuz.

Prentsaurrekoan

BPTD Estrategia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Ingurunearen Departamentuak babesten du.