Financial Times egunkariaren arabera, Euskadik lurralde erakargarri izaten jarraitzen du atzerriko inbertsioentzat

Iturria: www.irekia.eus


Financial Times taldeko Fdi Intelligence aldizkariak berriro adierazi du Euskadi lurralde erakargarria dela atzerriko inbertsioarentzat, eta SPRI Taldearen eta Eusko Jaurlaritzaren “Invest in the Basque Country” estrategiaren lau alderdi saritu ditu: ezarrita dauden enpresentzako laguntza, Bind 4.0 startupen azelerazio programa publiko-pribatua, pizgarri-sistemak eta atzerriko inbertsioa erakartzeko proiektu bat, Viralgen enpresa estatubatuarrarena hain zuzen.

Argitalpen espezializatu eta ezagun horrek hirugarrenez jarraian aitortu du “Invest” estrategiak Euskadin egiten duen lana. Iaz esan zuen Euskadi Europa hegoaldeko 10 eskualde erakargarrienetako bat zela atzerriko inbertsioarentzat, eta aitortza egin zion orobat atzerriko inbertsioa erakartzeko “Invest in the Basque Country” estrategiari, Europako eskualde ertainetako 10 estrategia onenen artean sailkatu baitzuen. Duela bi urte, Financial Times-ek nabarmendu zuen Euskadi Europako seigarren eskualde onena zela atzerriko inbertsioarentzat, eta baita ere azpimarratu zuen Euskadi dela eskualde ertainen artetik logistika onena eskaintzen duena.

Hala, fDi Magazine aldizkariak, merkatuetako posizionamenduan eta nazioarteko inbertsio fluxuetan espezializatua dagoenak, Euskadi saritu du munduko beste 112 lokalizazioren artetik. Esan bezala, Strategy Awards sariketako txostenak Euskadi nabarmendu du bertan ezarrita dauden eta atzerriko kapitala duten enpresei laguntzeko abiatu duen estrategiagatik (“Aftercare”), ETE eta startupei zuzendutako estrategiagatik (bereziki azpimarratuz Bind 4.0 programa), ezarpenak egiteko eskaintzen dituen pizgarriengatik eta lortu dituen interes handiko proiektuengatik (esaterako, kapital estatubatuarra duen Viralgen enpresa, terapia genikoaren ekoizpenerako Europako zentro handiena).

Euskadin ezarrita dauden eta atzerriko kapitala duten enpresei laguntzeko estrategiaren (“Aftercare”) xedea da erabaki-zentroak Euskadin atxikitzea. Horretarako, SPRI Taldeko “Invest in the Basque Country” lantaldeak maiz bidaiatzen du enpresa horietara beren premiak ezagutzeko eta Euskadin errotzen laguntzeko, inguruko ekosistemarekin dituzten lankidetza-loturak sendotuz eta I+G-ko proiektuetan parte hartzeko aukerak eskainiz, azken helburua baita deslokalizazioak saihestea.

Gaur egun atzerriko kapitala duten 10 langile baino gehiagoko 1.000tik gora enpresa daude Euskadin, zientzuek enpresa guztien %10 ordezkatzen baitute eta 52.000 langileri ematen baitiete lana. Atzerriko inbertsiodun enpresen ia %46 industria sektorekoak dira eta batez bestekoa baino tamaina handiagoa izaten dute oro har. Enpresa horiek BPGaren %13tik gorako ekarpena egin zuten 2015ean, eta enpleguaren %9,9 sortu zuten 2008-2015 bitartean.

Bestalde, Euskadiko politika industrialak arreta berezia eskaintzen die ETEei eta startup-en sorkuntzari. Hartara, Eusko Jaurlaritzak duela hiru urte abiarazi zuen eta SPRIk kudeatzen duen Bind 4.0 azelerazio-programak sari bat jaso du proiektu interesgarria izateagatik eta atzerriko inbertsioa erakartzeko egiten duen lanagatik. Horren erakusgarri, aurtengo edizioan 64 herrialdetako 524 hautagaitza jaso dira. Hautagaitza horiek 40 euskal enpresa trakziogilek aztertu dituzte eta 32 startup aukeratu dituzte 44 proiektu garatzeko. 32 enpresa horietatik 13 Euskaditik kanpokoak dira eta 5 atzerrikoak.

Txostenak inbertsioak garatzeko pizgarri-sistema ere nabarmendu du eta, batik bat, azpimarratu ditu Euskadin gauzatu diren I+G-ko proiektuak. Pizgarri-sistema hori (pizgarri fiskalak barne) euskal enpresei eskaintzen zaien berbera da eta oso erakargarria da Euskadin kokatu nahi duten eta atzerriko kapitala duten enpresentzat ere.

Iturria: http://www.irekia.eus/eu/news/51581-financial-times-egunkariaren-arabera-euskadik-lurralde-erakargarri-izaten-jarraitzen-atzerriko-inbertsioentzat