Serious Games Camp Ermua: inpaktu sozial handiko jokoak
Otsailean egingo da topaketa, eta game jam-ak, trebakuntza-saioak eta tailerrak egongo dira
Serious Games Camp programaren helburua da errealitate areagotua eta birtuala erabiltzen dituzten proiektu teknologiko berrien sorkuntza sustatzea, inpaktu sozial positiboa sortzeko. Profesional-profil ugari elkartzen ditu ekimenak, eta laguntza eta trebakuntza eskaintzen ditu joko serioak garatzeko, besteak beste hezkuntza, osasun, gizarte-inklusio eta zahartzapen aktiboaren arloetarako.
Programaren barruan, lan-tailerrak egiten dira Lanbide Heziketako zentroetan eta unibertsitateetan, ikasleek serious games-etan oinarritutako ziklo-amaierako proiektuak gara ditzaten. Gainera, Serious Games Camp-ek deialdi bat du irekita, serious games-etan oinarritutako proiektu bat aurkeztu nahi duten pertsona ekintzaileentzat. Hamar proposamen onenek Serious Games Camp-en parte hartuko dute. Aurten, otsailaren 8an eta 9an egingo da topaketa, Ermuko Izarra Centren, eta, besteak beste, hitzaldiak, networking-a eta game jam-ak egongo dira.
Ekitaldia bi egunetan egingo da, eta bakoitza parte-hartzaile profil batera bideratuta egongo da. Lehen eguna ikasleei eta irakasleei zuzenduta egongo da. Diziplina askotako ikasleek parte har dezakete, teknologiatik eta bideo-jokoen programaziotik hasi eta erizaintza, medikuntza edo psikologiara. Topaketaren hasieran, joko serioei buruzko trebakuntza-tarte bat egongo da, eta, gero, game jam bat egingo da. Diziplina anitzeko taldeen bidez, Dravet sindromea duten umeen ongizatea hobetuko duten serious games-ak asmatzea izango da erronka. Jardunaldiaren amaieran, proposamen onenek saria jasoko dute.
Bigarren eguna, berriz, otsailaren 9a, arlo guztietako profesionalei zuzenduta egongo da. Serious games-en eremuan esperientzia handia duten enpresek hitzaldi laburrak emango dituzte teknologia horiek eskaintzen dituzten aukerei buruz. Ondoren, game jam bat egingo da, aurreko eguneko gai berarekin, baina profil ezberdinetako profesionalei zuzenduta, eta potentzial handiena duten ideiek saria jasoko dute.
Ekitaldiaren helburu nagusietako bat da joko serioen arloan ekintzailetza sustatzea, eta profil ezberdinak dituzten profesionalen arteko sorkuntza bateratua sustatzea. 2018ko Serious Games Camp-a Terrassan egin zen irailaren amaieran, eta han sortu ziren Sé tu propio héroe (Izan zaitez zure heroia) jokoa, diabetesa duten haurrek beren gaixotasuna hobeto ezagutzeko jokoa, eta Stargaze, Star Wars-en oinarritutako jokoa, errealitate birtuala eta eye tracking teknologiak erabiltzen dituena eta mugikortasun mugatua duten pertsonek jolasteko aproposa.
Ermuko Serious Games Camp-en izena emateko epea irekita dago, eta sarrera doan da. Jardunaldiek erakunde hauen laguntza jaso dute: Eusko Jaurlaritza (Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren bidez), Ermuko Udala, Izarra Fundazioa, Apoyo Dravet, Corresponsables Fundazioa, Humantics eta Hezkuntza 3.0.
Iturria: https://www.spri.eus/iktak-komunikazioa/serious-games-camp-ermua-inpaktu-sozial-handiko-jokoak/